EZ OBEDITU, EZ ZERBITZATU, EZ ISILDU

EZ OBEDITU, EZ ZERBITZATU, EZ ISILDU

 

Beltza eta zuria berriro modan jarri dira. Eskubideetan ostera ere zuria eta beltza dira nagusi, batik bat emakumeentzat. Moral katolikoaren kutsu atzerakoi eta ultrakontserbadoreak, “ohitura onak” errespetatu beharrak eta eskubide ekonomiko zein sozialen murrizketak komunikabideak bereganatu nahi dituzte, eta kalean jazartzen zaizkigu, mantilla eta peineta jantzita.

 

Betidanik ezarri izan nahi dute zuri eta beltzezko bizimodua emakumeontzat, eta orain krisiaz baliatzen dira -guk estafa diogu- guri eskubideak eta autonomia kentzeko; gurekiko bortizkeria legitimatu egiten dute:

  • Legeak emakumeak bezalakoxeak dira, bortxatzeko daude”(Jose Manuel Castelao, Atzerriko Espainiar Herritarren Kontseilu Nagusiko presidentea)

  • Bortxaketa batek eragindako haurdunaldiak “Jainkoak hala gertatzea nahi duelako” etortzen dira(Richard Mourdock, AEBetako Senaturako hautagai errepublikanoa)

  • Ama izateak egiten ditu emakumeak benetako emakume” (Alberto Ruiz Gallardon, Justizia ministroa)

  • Abortatzeak “erabateko lizentzia, mugarik gabea” ematen die gizonezkoei “emakumearen gorputzaz abusa dezaten\\\" (Granadako Gotzaina)

  • Feminista horiek berriz etxean goxo-goxo daudenean, seme-alabak hezitzen eta familia zaintzen, eskertu egingo digute(Javier Arenas, Andaluziako PPren presidentea)

 

Moda berri honekin beste koxka bat areagotzen da emakumeon aurka betidanik eragin izan den bortizkeria klasikoa. Bortizkeria fisiko, sexual, instituzional, psikologiko, politiko, ekonomiko, kultural eta sinbolikoak egituratzen du oraindik gure jendartea, eta hau da gure gorputzak eta bizitza kontrolpean izateko sistema kapitalista heteropatriakalak erabiltzen duen tresna.

 

Orain, krisi sistemikoen eta neurri ultrakontserbadoreen garaiotan, guk eslogan eta pankarta zaharrak atera behar izan ditugu armairutik, kendu nahi dizkiguten eskubideei eutsi nahian. Izan ere, atzerakada ideologiko hau, funtsezko eskubideetan eta gure autonomian pairatzen dugun atzerakada, emakumeon aurkako estrategia bortitza ere bai baita. Zertara eraman nahi gaituzte? Obeditzera, zerbitzatzera, isiltzera?

 

Eurek, politikari, apezpiku zein epaile kontserbadore direla ere, etxeko horma artean egotea nahi badute, guk kalea hartuko dugu, eta gogora arazi egingo diegu ez dugula eraso bat ere onartuko.

Aurrerantzean ere hainbeste kosta izan diren eskubideak gauzatzen jarraituko dugu; ez ditugu baztertuko, ezta inork hankapean hartzerik onartuko ere.

Gure bizi-ereduan indarkeriak ez du tokirik, bai ordea koloreek, eskubideek, askatasunak, irreberentziak eta alaitasunak.

Hori dela-eta, dei egiten dizuegu guztiok batera kalean ager dezagun ez dugula onartzen betidanik emakumeok isilarazi nahi izan gaituztenon oldar hau.

 

 

EGIN DEZAGUN IRAULTZA FEMINISTA