Cartel y manifiesto Coordinadora feminista 8 de marzo Bizkaia

Cartel y manifiesto Coordinadora feminista 8 de marzo Bizkaia

Krisiaren aitzakiaren atzean ezkutatuta eta osagai ideologiko nabarmen batekin, gure eskubideak murriztu eta bidegabeki boterea dutenek oraindik ere gure bizitzen gaineko erabakiak hartzen dituzte haienak izango balira bezala.

 

Eraso hauen aurrean kalera atera gara “alternatibak badaudela” aldarrikatzera; feminismoa, bere aberastasun eta aniztasun osoarekin, bizi-bizirik dagoelako, lanean jarraituko dugula jakin badakigu, gure aukera hemen eta orain dagoela ziur gaudelako; bestelako gizarte bat eraikitzeko proposamena non bizitza, gure bizitza, erdigunea izango den.

 

Sistema kapitalista eta patriarkala bizirik mantentzeko emakumeen esplotazioan oinarritzen da. Horretarako, gure parte-hartze, erabaki-hartze eta lanbiderako sarbidea mugatzen dizkigu; baita ere, zaintza lanak gutxietsi edota kultura zein historia mailan gure ahotsak isilarazi... Feministok badakigu eredu honek desberdintasuna baino ez duela pizten, eta horregatik, heriotza dakarren sistema honen aurrean, pertsonen bizitza eta ongizatea azken helburu gisa duen eredu berria proposatuko dugu.

 

Produktibitate irizpideetan oinarritzen den, natura ustiatzen duen eta pobreziara eta bazterketa sozialera zuzentzen gaituen eredu ekonomiko eta sozial honen aurrean...

 

Emakumeok erdigunean bizitzaren jasangarritasuna kokatzea exijitzen dugu. Bizitzaren alde, eta ez merkatuen zerbitzuan, dagoen ekonomia bultzatuko dugu!

 

Gure gorputzak kolonizatu eta gure askatasunak mugatu nahi dituen sistemaren aurrean...

 

Heziketa sexuala nahi dugu erabaki ahal izateko; antisorgailuak nahi ditugu abortatu beharrik ez izateko eta abortatzeko askatasuna behar dugu gure bizitza ez galtzeko. Nire gorputzaren gaineko erabakiak nik hartzen ditut!

 

Eliza katolikoari gure bizitzen gaineko iritzia izateko zilegitasuna ematen dion sistemaren aurrean...

 

Emakumeok elizari exijitzen diogu gure bizitzetan, eskubide sexual eta ugalketa eskubideetan muturra sartzeari uzteko. Arrosarioak gure obarioetatik kanpo! Nire ohean nahi dudana goizean zein gauean!

 

Gure lan eskubide eta eskubide sozialetarako sarbidea mugatzen eta ukatzen digun sistema honen aurrean...

 

Emakumeok emakume guztientzako subiranotasun ekonomikoa exijitzen dugu. Patriarkatua eta kapitala aliantza kriminala! Lan banaketa, aberastasun banaketa!

 

Emakumeok gure aurkako bortizkeria gauzatzea ahalbidetzen duen eta justiziarik bilatzen ez duen sistemaren aurrean...

 

Emakumeok bortizkeriarik gabeko bizitza exijitzen dugu. Erantzunik gabeko eraso gehiagorik ez!

 

Aurten ere, martxoaren 8an errepikatuko dugu, gu bezalako beste askok egin zuten bezalaxe: ez da benetako iraultzarik izango, iraultza feminista ez bada. 2013. urtean kaleetan izango gara berriro, guztiak elkarrekin, feminismotik beste eredu sozial bat defendatzen; beste bizitzak defendatzen.

 

Emakume asko gara eta hasieran ginenak baino askoz gehiago izango gara. Gora Borroka Feminista!!